Ekainaren 17an egin behar genuenez jaialdia, egun horretan iragarriko ditugu 2022. urtean gure artean izango ditugun taldeak
Azkena Rock Festival jaialdia berriro ere atzeratu beharrean gaude: 2022. urtean izango da. Zinez uste genuen Mendizabalan berriro ere elkar ikusteko aukera izango genuela; alabaina, gaur egungo egoera duela urtebetekoa baino hobea den arren eta txertoak iristen ari diren arren, osasun-neurriak direla-eta oraindik ezinezkoa zaigu Azkena Rock Festival jaialdia egitea. Koronabirus madarikatua dela-eta, ezin diegu, oraingoz, Azkenako kuadrillakoei besarkadarik eman, edo ezin dugu oholtza nagusiaren azpiko lehenengo lerroan elkarrekin jauzika dantzan ibili, edo Andre Maria Zuriaren plaza jendez gainezka jarri, eta zer esanik ez, ezinezkoa da Trashville karpan jotzen ari diren taldekideekiko metro-erdira egotea, zuzenekoa bertatik bertara sentitzen.
Zuen falta sumatzen dugu. Eskerrik asko beste urte batez zuen babesa emateagatik. Gertu-gertutik sentitu dugu zuen berotasuna, eta 2022ko edizioa prestatzen laguntzen digu horrek. Ezin konta ahala keinu eskaini dizkiguzue. Rock-a erritualez josita dago, talde bakoitzak bere errituala egiten du oholtza gainera igo baino lehen, eta ARF jaialdia egiten dugunontzat erritual magikoenetan magikoena zera da, gure ‘walkie’-etan “ateak zabaltzera goaz!” oihua entzutea. Aurten ezin izango ditugu ateak zabaldu, baina gure jendearekin, gure ikus-entzuleekin partekatzeko eguna izango da: ekainaren 17an, Mendizabalako atea ireki behar genuen egunean, 2022. urtean gure artean izango ditugun taldeen izenak iragarriko ditugu. Egun berean, sarrerak itzultzeko epea irekiko dugu, dena delako arrazoiagatik sarrera itzuli nahi dutenek horretarako aukera izan dezaten. Erosita dituzuen sarrerak 2022rako balio dute.
Badakizue gure sektorean une latzak pairatzen ari garela; ez dago jaialdi bat egiteko gu baino gogo handiagorik duenik, jaialdiaren crew edo lantaldea (langile autonomoak) garen aldetik: runner-ak, hospitality-a, teknikariak, garraioa, produkzioa, stage manager-ak; horiek guztiek urtebete daramate gauza berriak asmatzen aurrera egiten jarraitu ahal izateko eta berriro ere normaltasunez lan egin ahal izateko. Beraz, jaialdia beste urtebetez atzeratu behar izatea ez da guk gustura hartu dugun erabakia, baina gure ustez osasun kolektiboa da garrantzitsuena, eta badakigu gure jarrera ulertuko duzuela. Horrela baino ezin izango baitiogu opa bizitza luzea rock n’ roll-ari. Espero dugu garai latz hauek ahalik eta ongien eramaten ariko zaretela. Jaso ezazue besarkada bero bat, batik bat, gertukoren bat galdu duzuenok, eta bereziki gogoratu nahi ditugu ARF jaialdiaren hainbeste edizio gurekin partekatu dituzten eta hemendik aurrera gure artean egon ezin izango duten pertsonak. Gure bihotzaren txoko batean egongo zarete betiko.
Honen guztiaren amaieran argia sortuko da. Hasiak gara zuzeneko musikaz modu seguruan gozatzen, edukiera mugatua duten kontzertuetan. Gero eta gutxiago falta da jaialdi handi batean berriro ere elkar ikusteko. Ordura arte, zaindu zaitezte!! Maite zaituztegu!!
ARF 2022
#azkenarockfestival