L7, Reverend Horton Heat eta The Steepwater Band taldeek ARF jaialdia hautatu dute Estatuan eskainiko duten kontzertu bakarra emateko

Ekainaren 19an eta 20an Gasteizko Mendizabala eremuan izango den kanpalekurako eta bidaia antolatuetarako izena eman daiteke jada

Feminismoaren eta New Yorkeko punk rockaren esparruko intelektualen sinbolo Patti Smith ikonikoa da zerrendaburu rock and rollaren jaialdi nagusian arituko diren artista berrien artean, hau da, 2020ko ekainaren 19an eta 20an Gasteizko Mendizabalan izango den Azkena Rock Festival jaialdian.   

Patti Smith abeslari, konpositore eta autore amerikarra New Yorkeko punk rockeko izar handienetako bat dela esan daiteke. Sortzez poeta izaki, rocka eta poesia uztartu zituen belaunaldi oso bat markatu zuen estiloarekin, eta punk musika feminismoz eta intelektualitatez blaitu zuen. Bere abestirik ezagunena, hau da, ‘Because the Night’, Bruce Springsteen handiarekin batera idatzi zuen eta XX. mendeko himnoetako bat izatera iritsi da. Musikaren alderdiari politikaren eta ingurumenaren arloko aktibistaren eta olerkariaren alderdiak estu-estu lotzen zaizkiola, 1975. urtean punk estiloaren loraldian argitaratutako ‘Horses’ bere lehen albumetik hasita, mundu osoan barrena barreiatu izan du bere jarrera zintzoa, konbentzionalismoetatik urruntzen dena. Geroagoko belaunaldi guztien erreferentzia bihurtu zelarik, “punkaren amabitxia” Azkena Rock Festival jaialdian izango dugu eta eztarria urratu arte harekin batera abesteko aukera izango dugu, estudioan grabatutako hamaika diskoetako abestiak gogoratuz, askatasunaren eta aldarrikapenen mugarik gabeko baliatze batean.

Iragarpen berri horrekin batera, Kaliforniako L7 talde mitikoa ere aipatu behar da; grunge eta punk rock estiloko emakume talde kaliforniarrak 20 urteko geldialdia egin ostean ‘Scatter The Rats’ diskoa kaleratu du eta, disko horretan, beren betiko esentziari eusteaz gain, nolabaiteko powerpop kutsua gehitu diete beren konposizioei. Azkena jaialdia hautatu dute Estatuko kontzertu bakarra egiteko. L7 Gasteizen izango ditugu berriro, beren jarrera bitalistarekin, beren ildo melodikoekin eta sludge eta punk estiloetan berezkoak diren gitarren riff-ekin. 

28 urte baino gehiagoko ibilbidea egin eta hamaika disko argitaratu ditu Reverend Horton Heat talde mitikoak; Texasko taldea SubPop etxearekin hasi zen musika-munduan, musikaren historiako zigilurik garrantzitsuenetako batekin, eta harrezkero, psychobilly estiloko bandarik adierazgarrienetako bat izan da. James Heath taldeko frontman-a – “reverendo” esaten diote gaztelaniaz– munduko gitarra-jotzaile onenetakoa dela esan daiteke, bere generoari dagokionez.   

2020ko kontzertu esklusiboa egitera dator, berriro ere, The Steepwater Band taldea jaialdira, 2005. urtean gure artean izan ostean, ikus-entzule guztien gozagarri. Chicagon 90eko hamarkadan sortutako rock blues taldeak blues estiloan, hegoaldeko rockean, boogie-an eta psikodelia aktiboan oinarritutako abestiak eskainiko dizkigu.

Estatuko rockaren ordezkari, The Faithless hard rock-metal talde gasteiztarra arituko da. 2016. urtean sortutako taldeak bi disko kaleratu ditu eta kilometro ugari egin ditu penintsula osoan barrena; ‘To the End’ lehen diskoan, rock modernoaren eta metalaren oinarriak arakatu zituen, eta ‘Fighting the Shadows’ bigarren diskoan, aldiz, soinu bortitzagoak eta metaleroagoak aurki daitezke. 

Izen horiek gehitu behar zaizkio ARFk ekainean iragarri zituen artisten zerrendari: Social Distortion eta Fu Manchu.  Social Distorsion, punk rockeko disko gehien saldu dituen taldeetako bat da, mundu osoan hiru milioi kopia baino gehiago saldu baititu; duela 15 urte ere Mendizabalan izan ostean, berriro gure artean izango dugu.  Fu Manchu taldeak 2020ko Azkena Rock Festival jaialdian emango du urteko kontzertu bakarra. Rockean dagoen izenik adierazgarrienetako bat da, eta Kyuss edo Monster Magnet edo horien antzeko beste hainbat talderekin batera, basamortuan jaiotako musika astunaren estilo ikoniko bat sortu zuten: “stoner rock”; estilo horren eraginak bizirik darrai gaur egun ere, jarraitzaile ugarirekin.

Era berean, jaialdiaren eremutik 5 minutura kanpatzeko gunea prestatuko dutela iragarri dute antolatzaileek, eta dagoeneko tokia erreserbatu daitekeela, baita hainbat herritatik autobusez etortzeko antolatu diren bidaietan ere. Txartelak salgai daude jada eta epeka ordaintzeko aukera ere badago www.azkenarockfestival.com webgunean.

AZKENA ROCK FESTIVAL 2020
2020ko ekainaren 19an eta 20an
Mendizabala. Gasteiz

PATTI SMITH AND BAND
SOCIAL DISTORTION
L7
FU MANCHU
REVEREND HORTON HEAT
THE STEEPWATER BAND
THE FAITHLESS

Bonua:  105€
Bonua + kanpina: 120€

Epeka ordaintzeko aukera

Salmenta

Kutxabank deskontua: 15 € Lehenengo 600 bonuek 15 €-ko deskontua izango dute, eta txartel bakoitzarekin gehienez ere bonu bat erosi ahal izango da. Erosketa egiteko unean indarrean dagoen prezioari aplikatuko zaio deskontua. Kutxabank orotarako kutxazainetan eta www.kutxabank.es webgunean eskuragarri