Artziniega eta Laudio herrietan bost kontzertu izango dira, doan, ekainaren 9an eta 10ean, jaialdiaren atariko.

Jaialdiaren atariko moduan, hemen da Araba ARF Tour programazio berria. Segidako bigarren urtez, Arabako Foru Aldundiaren eskutik, doako programazioa eskaintzen duen ekimen honen bitartez rock and rollaren espiritua eta Azkena Rock Festival jaialdiaren sugarra Arabako hainbat herritara iritsiko dira. Ekainaren 9an, ostiralean, Artziniegako frontoiko aparkalekuan Moonshine Wagon eta Micky and The Buzz taldeak arituko dira; lehena, Euskadiko heavy-bluegrass estiloan erreferente bihurtu den talde arabarra da eta, bigarrena, berriz, rock and roll klasikoko boskote bilbotarra, Micky Paiano mikrofono aurrean jarrita. Larunbatean, ekainaren 10ean, Laudioko Lamuza frontoian izango dira kontzertuak; alde batetik, Bilboko Los Brazos taldea, txiki-txikitatik rock and rolla jo izan dutenek soilik duten ezohiko indarra duen power-hirukoa, Xuorum punk-rock taldea, eta tokiko Doctor Lawson taldea, inor axolagabe utziko ez duen zuzeneko musika independientearen ikuskizun izugarria eskainiko dutenak.

Ekainaren 15ean, 16an eta 17an, Azkena Rock Festival jaialdiaren 21. edizioa izango da Gasteizko Mendizabalan, eta, besteak beste, Iggy Pop, The Pretenders, Rancid, Lucinda Williams, Incubus, Melvins, Alter Bridge eta El Drogas arituko dira bertan. Zalantzarik gabe, huts egin ezin den hitzordua rock & rollarekin, kontzeptuaren esanahi zabalenean hartuta. Gainera, aipatu behar dugu Wild Billy Childish & CTMF taldeak ezin izango duela jaialdian parte hartu, osasun-arazoak direla medio, baina horien ordez, The Phantom Surfers igoko dira Trashvilleko agertokira.