Jaialdiaren 21. edizio honetan ere The Soundtrack Of Our Lives rock talde mitikoaren elkarketaren lekuko izateko zortea izango dugu
Chuck Prophet mitikoa zuzenean arituko da Andre Maria Zuriaren plazan, doako programazioaren barruan
Azkena Rock Festival jaialdiko garra suberritzen ari da ostera, izen berriak sartu baitira aurtengo 21. edizioan, hau da, 2023ko ekainaren 15ean, 16an eta 17an, Gasteiz gure Green Capitaleko kaleetara eta Mendizabalako eremura etorriko diren artisten zerrendan; rockaren mamiari eusten dion galdu ezinezko hitzordu honek.
ARF jaialdiaren alderik basatiena, zalantzarik gabe, Trashville da, jaialdiaren barruko aretoa; bertan, publikoaren eta agertokiaren arteko banaketa ezabatzen da eta zuzeneko gordinenak bizitzeko aukera izaten dugu, rock and rollaren kausari atxikitako bandekin. Garaje, surf eta rockabilly doinuak, izerdia eta dezibelioak biltzen dira Trashvilleren DNAn, urtetik urtera gehiago, eta, aurten, historia osoko programazio potenteenaren aurrerapenarekin dator. Agertoki horretara igoko diren artisten artetik rockandrollaren legenda eta erreferentea den Billy Childish aipatuko dugu lehenik; poeta, margolaria, argazkilaria eta 100 album baino gehiago argitaratu dituen musikari oparoa da, letra eta soinu zikin eta vintage zorrotzez beteak, erakunde oso bat da, eta Mudhoney eta Kylie Minogue bezalako artista desberdinek eragin gisa izendatu dute. Wild Billy Childish & CTMF proiektuarekin iritsiko da ARFra, eta eszenatoki horretako lehen izenen buru izango da. Gero, 90eko hamarkadakoa den eta zuzenean ikusteko zaila den talde mitiko bat, The Kaisers; hainbat musika-tresna jotzen dituen Steel Beans artista oso ezagun egin da aurten bere jam bat Instagramen biral bihurtu delako; eta Estatu Batuetan erreferente den The Reverend Peyton’s Big Damn Band taldeak redneck espiritua ekarriko du Trashvillera.
King Salami And The Cumberland Three taldekoak gure karpa astintzeko gogoz etorriko dira, rockabilly, rock and roll eta soul estiloen nahasketa dibertigarri eta harrigarria eginez; Danimarkatik datoz Spaghetti Western generoaren zale diren eta beren buruari “Copenhagen gringos” deitzen dioten Hola Ghost taldekoak, mariachi mexikarra, rockabillya eta surfa uztartuta. Los Tiki Phantoms katalanek bai ala bai egon behar zuten jaialdian, zuzenean sekulako ikuskizuna eskaintzen dutelako beren maskara bereizgarriak jantzita. Era berean, hainbat musika-tresna jotzen dituen Nestter Donuts gazteak ere ezin zuen hutsik egin, flamenkoa eta punka uztartzen dituen bere proiektu bereziarekin erakutsi behar baitigu zein ausarta den, Trashvillen horretarako mugarik baldin badago.
Aurten ere, Trashvillek eszenatokiaren berezitasuna erakusten duen kartel propioa du. Oraingoan, Pablo Gallo marrazkilari, ilustratzaile eta margolari ospetsuak sortu du, eta ezin hobeto nabarmentzen du ekitaldiaren ukitu klasiko eta errebeldea. Bere ibilbidean zehar hainbat sormen-esparrutan nabigatuz, Coruñan jaio eta Bilbon bizi den artista Azkena Rock Festival 2023ren irudi osoaren arduraduna ere izan da.
The Soundtrack of Our Lives taldearen bateratzea esklusiban
Iggy Pop, The Pretenders, Rancid, Lucinda Williams, Incubus, Melvins, Alter Bridge, El Drogas eta musikari bikain gehiago ere bilduko dira Azkena Rock Festival jaialdian, aurtengoan inoizko artista-zerrendarik eklektikoena osatu baitugu rock and rollaren aldaera ia guztien adierazgarri, hala nola folka, punka, punk-rocka, rockabilly klasikoa, metala, mugako doinuak eta musika-genero sailkaezinak, betiere ikuspegi zabalenetik begiratuta. Gutizien kartela izen berezi-bereziz osatuta dago, Estatuan gutxitan ikus daitezkeen aldetik. Ez da harritzekoa genero horretako artista ikonikoenek Azkena jaialdia hautatzea Europan barrena bira egiten ari direnerako, eta, askotan, Europa osoko kontzertu bakarra egiteko; beraz, une berezi eta paregabeak eskaintzen dizkigute Mendizabalako agertokietatik.
Berri pozgarri bat ematera gatoz gaur. Berriro horrelakorik biziko genuenik espero ez genuen arren, zorionez, ekainean jaialdian gertatuko da ARFn baino gertatu ez daitekeen zerbait. Hain zuzen ere, talde mitikoak berriro elkartzen ikusteko aukera izan dugu historikoki Azkenan, hala nola Gluecifer, The Jayhawks edo The Hellacopters, eta aurten bilduko den taldea zale ugariren oso gustukoa izango da. The Soundtrack Of Our Lives taldeak jaialdiaren historian hobekien baloratu diren eta gehien gogoratzen diren kontzertuetako bat eman zuen 2009. urteko edizioan. 2023ko edizio honetan, hamarkada batez isilik egon ostean, berriz elkartuko dira ikuskizun gutxi batzuk eskaintzeko, eta horietako bat ARF jaialdian egingo dute, bakarra Estatu osoan. Suediako psikodeliaren ordezkariak Göteborg hirian sortu ziren, baina beren gain eragina duten soinuak sorterritik oso urrunekoak dira: The Doors, The Stooges, R.E.M. edo The Smashing Pumpkins taldeak, esaterako. Gaur egungo taldea izanik, 60ko hamarkadako inspirazioa esploratu gabeko bideetatik daramate, eta horrek ospe handia ekarri die, hein handi batean, beren abestiak Californication edo Six Feet Under telesail ezagunetan agertu direlako.
Amanda Shires artista iparramerikarra ere sartu da Azkena Rock jaialdiko zerrendan, besteak beste, country, rock edo folk generoak izaten baitira protagonista gurean. Americana album onenaren Grammy sari bat irabazi zuen konpositoreak Jason Isbell and the 400 Unit taldeko kide izanik, senarrarekin batera, eta The Highwomen supertaldeko kide ere bada, Brandi Carlile, Maren Morris edo Natalie Hemby artistekin batera. Aipatutakoez gain, americana generoan eta country-rock estiloan, batik bat, oinarritzen den Cordovas taldea ere baieztatuta dago.
Andre Maria Zuria: musika hiriaren bihotzean
Andre Maria Zuriaren plaza enblematikoan egiten du bat jaialdiak hiriarekin, hiria bera zuzeneko musikaz betez eta publikoa bertako ostalaritzara eta gastronomiara gerturatuz, Gasteizko indarguneetako bat baita tokiko gastronomia. ARF jaialdiaren barruan, sarrera libreko programazioa aurreikusi da plaza horretan, eta bermuta hartzeko garairako iragarritako lehenengo artista aurkeztuko dugu gaur: Chuck Prophet & The Mission Express artista ezagunak 2022ko edizioan jo behar zuen Mendizabalan, baina osasun-arazoak zirela medio, bertan behera utzi behar izan zuen emanaldia; horrela, bada, jendeak edizio honetarako ekartzeko eskatu digunez behin eta berriro, azkenean mundu guztiak izango du aukera haren musikaz gozatzeko. Chuck Propheti buruz diote Tom Petty-ren antzeko ahotsa, Bob Dylan-en pareko jarrera lirikoa eta Eric Clapton edo Keith Richards handiek adinako talentu instrumentala duela; horregatik diogu rock estiloko gitarra-jotzaile eta konpositore garrantzitsuenetako bat dela. Larunbat goizean, amerikarra Andre Maria Zuria plazan egongo da The Mission Express taldearekin batera; Stephanie Finch emaztea ere taldekide du.
Huts egin ezinezko topagunea izango da Azkena Rock Festival jaialdia zuzeneko musikaren zaleentzat, 2023an ere. Zalantzarik gabe, Azkenaren magiaren sekretuetako bat publikoarekin duen konexioa da, bai ikus-entzule leialenekin, bai lehen aldiz datozenekin, bai etortzen hasten diren belaunaldi berriekin. Horregatik, pertsona horiei guztiei erraztasunak eman nahi izaten dizkiegu jaialdira etor daitezen: 14 urte eta gutxiago dituzten gazte eta haurrek doan izango dute sarrera, eta 15 urtetik 23 urtera (adin horiek sartuta) bitarteko gazteek, berriz, sarrera merkeagoa, Bono Gaztearen bitartez. Zale sutsuenek, bestalde, XX. urteurreneko pack berezia eskuratu ahal izango dute; sortaren barruan, azken 20 urteetan jaialditik igaro diren protagonisten kontakizunak biltzen dituen liburu bat, elastiko bat, poster bat eta luxuzko totebag bat aurkituko dituzue. Gainera, eguneko sarrerak salgai daude jada; hori guztia webgune hauetan: azkenarockfestival.com eta seetickets.com/es.
Baina musika onaz gain, mundu osoko milaka pertsona gurera erakartzen dituzten osagai gehiago ere izango dira asteburu horretan; izan ere, hiriak eskaintzen duen gastronomia eta Green Capitaleko kaleetan bizi-bizi dagoen giroa ere oso erakargarriak dira. Horrela, bada, rockzaleen urteko hitzordurik garrantzitsuena da ARF jaialdia, eta gero eta jende gehiago hurbiltzen zaigu, originaltasunaren eta jatortasunaren bila. Eta hori ziurtatuta dago Azkenan; izan ere, 21 urteko historian bere muinari, bere esentziari eutsi baitio, edizio bakoitzean ezusteko berriak ekarrita.
AZKENA ROCK FESTIVAL Mendizabala, Vitoria-Gasteiz 2023ko ekainak 15, 16 eta 17 Ekainak 15, ostegunaRANCID EL DROGAS (BARRICADA – 40º) – STEVE EARLE LIHER – LYDIA LUNCH RETROVIRUS MONSTER MAGNET – OS MUTANTES Trashville: THE KAISERS – NESTTER DONUTSUrriak 16, ostirala THE PRETENDERS – INCUBUS Ekainak 17, larunbata IGGY POP – LUCINDA WILLIAMS eta beste asko ere iragarriko ditugu. Bonuak: Eguneko sarrerak: Sarrera doan 14 urtetik berakoentzat Kanpina Sarrerak: www.azkenarockfestival.com y www.seetickets.com/es #azkenarockfestival |