Aurten Azkena Rock Festival jaialdiaren online edizioa antolatuko da eta, 10 orduz baino gehiagoz, rock-musikaren eduki esklusiboak eta inoiz eman gabekoak eskainiko dira

 

Edizio berezi hau ekainaren 19an eta 20an izango da, jaialdiaren webgunean eta Youtuben

Jaialdiak duela hainbat aste iragarri zuen Mendizabalako ateak ez zirela 2021. urtera arte zabalduko, baina pandemia bat ere ez da izango rock’n’rolla eta Azkenazaleen musikaz gozatzeko gogoa geldiarazteko gai. Horregatik, honako iragarpen hau egingo dugu gaur: jaialdia aurreikusita zegoen egun beretan, ARF jaialdiak beste ate batzuk zabalduko ditu; oraingoan, ate birtualak.

Izan ere, Azkena Rock Festival jaialdirik gabe ezin baita gure rockaren historia idatzi, eta horren fede eman dezakete jaialdiaren 18 edizio hauetakoren batera etorri direnek eta hori frogatzeko dago, gainera, jaialdiaren ikus-entzunezko artxiboa. Ia bi hamarkada hauetan, gaur egun, legendariotzat jotzen diren kontzertu asko izan dira jaialdiaren agertokietan, eta erregistratuta geratu dira horiek guztiak. Kontzertu horietako asko ez dira inoiz ikusi ahal izan eta, orain, ikusi eta entzuteko aukera izango dugu, ARF jaialdiaren historian izan diren emanaldi onenak eskainiko dituen jaialdi berezi batean; kontzertuekin batera, jaialdiko bitxikeriak eta kontakizunak ere eskainiko dizkigute benetako protagonistek, hau da, urte hauetan guztietan ARF jaialdian egon diren artista, ikus-entzule, kazetari eta laguntzaileek: Iggy Pop & the Stooges, Gluecifer, Wilco, Blondie, Juliette & The Licks eta abar, inoiz bota gabeko 25 emanaldi osatu arte. Hori gutxi balitz, ARF Sofa Edition jaialdirako berariaz grabatutako kontzertu esklusiboak ere izango dira; datozen egunotan aurkeztuko ditugu protagonista horiek. Programazioa osatzeko, “Rockanrollers” filma botako dugu, Juanma Bajo Ulloa zuzendariak ARF jaialdiari buruz egindako filma, baita ezusteko gehiago ere; laster emango dizuegu horren guztiaren berri.

Azkena Rock Festival ‘Sofa Edition’ jaialdiak Arabako Foru Aldundiaren, Gasteizko Udalaren eta Kutxabanken laguntza izango du eta, ekainaren 19an eta 20an, 10 orduz eduki esklusiboak eta inoiz eman gabeak eskainiko dira jaialdiaren webgunearen eta YouTube Live kanalaren bitartez. Gainera, emanaldi horretan, 2021eko edizioko artisten zerrenda zuzenean iragarriko dugu, egunez egun.

  1. urtean, Azkena Rock Festival jaialdia Gasteizera itzuliko da.

ARF jaialdiaren online edizio berezi honen bitartez, jaialdiko antolatzaileek eta babesleek esker ona adierazi nahi diete ikus-entzuleei, azken hilabeteetan emandako babesarengatik, eta 2021. urtean Mendizabalan berriz elkar ikusteko giroa berotzen hastea ere lortu nahi dute. 2020ko ediziorako iragarritako artisten zerrendak harrera oso ona izan zuela kontuan izanik, ia artista guztiek zapalduko dituzte jaialdiko agertokiak datorren urtean: Black Mountain, Brian Wilson, Fu Manchu, L7, Liher, Lysistrata, Patti Smith, Reverend Horton Heat, Robyn Hitchcock, Shooter Jennings, Social Distortion, Suzi Quatro, The Faithless, Wicked Wizzard. Antolatzaileak lanean ari dira jo ta ke gainerako artistak ere baieztatu ahal izateko. Eta horiei guztiei izen mitiko bat gehitu zaie: Iggy Pop. 2021eko ediziorako sarrerak ekainaren 19an jarriko ditugu salgai, ARF ‘Sofa Edition’ jaialdian.

Izen horiek guztiak, oraindik baieztatu gabe dauden artistak eta hirugarren rock egun bat ere izango ditugu hurrengo Azkena Rock Festival jaialdian, are handiagoa izan dadin; osagai horiei esker, 2021eko ekainera arte erraz eutsiko diogu ilusioari. Ordura arte, has gaitezen entseguak egiten ekainaren 19an eta 20an gure sofak air guitarreko jarrera onenen lekuko izan daitezen.

2020, YOU CAN’T STOP ROCK’NROLL!!!