Ekainaren 17an egin behar genuenez jaialdia, egun horretan
iragarriko ditugu 2022. urtean gure artean izango ditugun
taldeak

Azkena Rock Festival jaialdia berriro ere atzeratu beharrean gaude: 2022. urtean
izango da. Zinez uste genuen Mendizabalan berriro ere elkar ikusteko aukera izango
genuela; alabaina, gaur egungo egoera duela urtebetekoa baino hobea den arren eta
txertoak iristen ari diren arren, osasun-neurriak direla-eta oraindik ezinezkoa zaigu
Azkena Rock Festival jaialdia egitea. Koronabirus madarikatua dela-eta, ezin diegu,
oraingoz, Azkenako kuadrillakoei besarkadarik eman, edo ezin dugu oholtza
nagusiaren azpiko lehenengo lerroan elkarrekin jauzika dantzan ibili, edo Andre
Maria Zuriaren plaza jendez gainezka jarri, eta zer esanik ez, ezinezkoa da Trashville
karpan jotzen ari diren taldekideekiko metro-erdira egotea, zuzenekoa bertatik
bertara sentitzen.
Zuen falta sumatzen dugu. Eskerrik asko beste urte batez zuen babesa
emateagatik. Gertu-gertutik sentitu dugu zuen berotasuna, eta 2022ko edizioa
prestatzen laguntzen digu horrek. Ezin konta ahala keinu eskaini dizkiguzue. Rock-a
erritualez josita dago, talde bakoitzak bere errituala egiten du oholtza gainera igo
baino lehen, eta ARF jaialdia egiten dugunontzat erritual magikoenetan magikoena
zera da, gure ‘walkie’-etan “ateak zabaltzera goaz!” oihua entzutea. Aurten ezin
izango ditugu ateak zabaldu, baina gure jendearekin, gure ikus-entzuleekin
partekatzeko eguna izango da: ekainaren 17an, Mendizabalako atea ireki behar
genuen egunean, 2022. urtean gure artean izango ditugun taldeen izenak
iragarriko ditugu. Egun berean, sarrerak itzultzeko epea irekiko dugu, dena delako
arrazoiagatik sarrera itzuli nahi dutenek horretarako aukera izan dezaten. Erosita
dituzuen sarrerak 2022rako balio dute.

Badakizue gure sektorean une latzak pairatzen ari garela; ez dago jaialdi bat egiteko
gu baino gogo handiagorik duenik, jaialdiaren crew edo lantaldea (langile
autonomoak) garen aldetik: runner-ak, hospitality-a, teknikariak, garraioa,
produkzioa, stage manager-ak; horiek guztiek urtebete daramate gauza berriak
asmatzen aurrera egiten jarraitu ahal izateko eta berriro ere normaltasunez lan egin

ahal izateko. Beraz, jaialdia beste urtebetez atzeratu behar izatea ez da guk gustura
hartu dugun erabakia, baina gure ustez osasun kolektiboa da garrantzitsuena, eta
badakigu gure jarrera ulertuko duzuela. Horrela baino ezin izango baitiogu opa
bizitza luzea rock n’ roll-ari. Espero dugu garai latz hauek ahalik eta ongien eramaten
ariko zaretela. Jaso ezazue besarkada bero bat, batik bat, gertukoren bat galdu
duzuenok, eta bereziki gogoratu nahi ditugu ARF jaialdiaren hainbeste edizio gurekin
partekatu dituzten eta hemendik aurrera gure artean egon ezin izango duten
pertsonak. Gure bihotzaren txoko batean egongo zarete betiko.
Honen guztiaren amaieran argia sortuko da. Hasiak gara zuzeneko musikaz modu
seguruan gozatzen, edukiera mugatua duten kontzertuetan. Gero eta gutxiago falta
da jaialdi handi batean berriro ere elkar ikusteko. Ordura arte, zaindu zaitezte!!
Maite zaituztegu!!