Ez zuen techno-ak lortu, ezta reggaetonak ere… baina badirudi koronabirus madarikatu honek lortuko duela. 18 urtez ez dugu hutsik egin rock and rollarekin dugun hitzordu honetan, baina hemeretzigarren edizio hau guk nahi baino beranduago egin behar izango dugu: Mendizabalako ateak ez dira zabalduko 2021eko ekainera arte.

Zintzotasunez eta argi eta garbi hitz egin nahi dugu: maite zaituztegu, eta lotura estu-estua sentitzen dugu zuekin guztiekin, ARF jaialdiko ikus-entzuleekin, modak alde batera uzten dituen proiektu hau urtez urte gauzatzea ahalbidetzen duzuenekin, jaialdiarekin erabateko konfiantza duzuenok eta zuena dela sentitzen duzuenok.

Ahalik eta baikorren izaten saiatu ginen, berri positiboak iristeko zain, jaialdia egin ahal izateko. Agintariek konfinamenduko aldiak luzatu zituzten, pandemia mundu osoan barrena hedatzen ari da oraindik, eta gure zerrendako artista asko nazioartekoak dira, horrek are gehiago zailtzen du artistak guregana etortzeko aukera. Eta, beste ezer baino garrantzitsuagoa dena, errealitate latz eta kapritxoso honek egoera belzten jarraitzen du eta guretzat hain beharrezkoa zen denbora irensten darrai; beraz, ezin izango ditugu ARF2020 jaialdiaren ateak programatuta zegoen moduan ireki. Aukera guztiak agortu zaizkigu; orain, aurtengo artista-zerrenda osoa 2021. urtera atzeratzeko aukera aztertzen hasi gara. Lan handia egin genuen aurtengo kartela lortzeko, eta bereziki harro geunden egindako lanarekin; eta zuek guztiak ere bai, antza. Artista ia guztiek erabateko enpatia eta jarrera ona agertu dute egoera dela eta: batzuk beste egun batean kokatu ditugu jada, eta gaur bertan iragarri ditugu, BLACK MOUNTAIN, BRIAN WILSON, FU MANCHU, L7, LIHER, LYSISTRATA, PATTI SMITH, REVEREND HORTON HEAT, ROBYN HITCHCOK, SHOOTER JENNINGS, SOCIAL DISTORTION, SUZI QUATRO, THE FAITHLESS, WICKED WIZZARD.

Horietaz gain, izen mitiko batek ere bat egin du jaialdiarekin. Eta mitiko adjektiboa nahita erabili dugu, zeren artistaren baten zuzenekoak ospakizuntzat har badaitezke, artista hori IGGY POP baita.

Zuen sarrera data berrietan erabil dezakezue, besterik gabe, eta norbaitek ezin badu joan edo ez badu nahi, maiatzaren 18tik 31ra bitarte eska dezakezue dirua. Eta orain, zuen babesik handiena eskatzera gatozkizue. Ez baduzue bonua edo eguneko sarrera itzultzen laguntza handia emango diguzue eta guretzat ez da hain zaila izango bideari berriro ere ekitea. Guri laguntzeaz gain, jaialdiko lantaldeari ere laguntzen diozue: runner-ak, hospitality, teknikariak, produkzioa, stage manager-ak… Izan ere, aurten lanik gabe geratu dira eta saldutako sarrera bakoitzetik 5 € horiei laguntzeko izango dira. Bildutako diruaren % 50 profesional horientzat izango da, eta beste % 50a Arabako Elikagaian Bankura bideratuko dugu, baliabide gutxien dituzten familiei laguntzeko. Gainera, kasualitatea, hurrengo urtean 20 urte beteko genituen, eta sorpresa asko prestatzen ari ginen, osteguna berrezkuratzea, hain zuzen ere. Zuen sarrera hirugarren egunerako erabil dezakezue ere. Gure eskerrik beroenak eman diguzuen babes eta laguntza guztiagatik! Ziur laster elkar ikusiko dugula… Eta beste behin ere elkartzeko Mendizabalan, Andre Maria Zuriaren plazan… gure jaialdi gogokoenean. Zaindu, maite zaituztegu eta!!!
Galderaren bat egin nahi badiguzu, edo informazio gehiago behar baduzu, idatzi helbide honetara: sales@lasttour.net