Bronze 2006ko udaberrian sortzen da eta 2008ko apirilean beraien kantak lehenengo aldiz jendearen aurrean aurkezten dituzte, erantzun beroa jasoz. Hortik aurrera kontzertu pilo bat eskaintzeko aukera izan dute Sorkun & Vice Presidentes, Sexty Sexers, Dixon II, Sharon Stoner edota Berri Txarrak bezalako taldeekin batera. 2009an euren lehenengo lana grabatzen dute, euskaraz abestutako zortzi kantaz osatutako diskoa, beti ere, auto-ekoizpenaren bidetik abiatuta. Lehenengo lan honetan stoner-rock eta grungearen ukitua duten kantak aurki ditzakegu, erritmo sendoak eta pasarte melodikoak konbinatuz. Gasteizeko talde gazte honek benetako sendotasuna eta jarrera erakusten du taularatzen den bakoitzean.